Blog

UNAMUNO  POST-HISTORIAK ERREDIMITUA

(Ipuin hau Verdes liburudendaren oroimenez prestaturiko ekitaldirako idatzi nuen)

Gabonak dira eta alde zaharra gainezka dago. Gizon batek estatuarena egiten du  Unamuno Plazan,  Unamunoz jantzirik.  Banku batean eserita,  irakurtzeko plantak egin eta norbaitek txanpon bat botatzen badu, liburuko orria  pasatzen du.

Euri zaparrada batek  goitik behera busti, eta liburuko orriak zimurtu zaizkio.  Liburu berria erostera joan da.  Vedesera.

Dendariak eta bezeroak  zur eta lur  geratu dira  Don Miguel de Unamuno dendan ikusita, zertan eta euskarazko nobedadeak ikuskatzen, nor eta euskararen heriotza aldarrikatu zuen filosofo euskalduna.

Liburu bat aukeratu du. “Obabakoak”, edo “Hamaseigarrenean aidanez”, edo ”Narrazioak” …  Berdin dio, atrezzoa da.

Plazara bueltatu eta liburua irakurtzeko plantak egiten hasi da berriro.  Baina konturatu gabe irakurtzen hasi da, eta narrazioak berehala harrapatu du.    Lehen orrialdea ziztu batean irakurri, eta orria pasatu nahi du, baina itxaron behar du.

Azkenik norbaitek  txanpona bota eta orria pasatu ahal izan du.  Ume batek txanpon bat bota du oraindik bigarren orrian dagoelarik. Unamunok ez du orria pasa. Ez du bukatu. Umea engainaturik sentitu eta txanpona jaso du berriro.

Eguerdirako  etxera joateko asmoa zuen, baina honezkero galdua du denboraren neurria. Liburu erdia irakurri du jada.  Eguerdian jende gutxiago dabil eta irakurketa mantso doa.

Arratsaldea oparoa izan da.  Zazpikaletako dendak itxi dituztenerako, kapitulo bakarra falta zaio.  Gainontzeko estatua, musikari eta malabaristak joan dira. Unamuno ez.  Ezin ditu begiak liburutik aldendu. Irakurketak harrapatua dago.

Gauerdiko hamabiak jo dutenean dozena bat orri falta zaizkio oraindik. Elurra hasi du, mara mara.

Gaueko ordubietarako, sei orri falta zaizkionean,  platereko txanponak lapurtu dizkiote.

Gaueko hiruretan tabernak itxi dituzte.  Barre egin diote azken zurruteroek, Unamuno ikusi dutenean. Aspaldi orria pasatu gabe eta elurra pilatu zaio  liburuan. Batek txanpona bota eta Unamunok liburu gaineko elurra garbitu eta orria pasa du. Azkenaurreko orria da.  Zurruteroek txalo egin diote.

Goizaldeko seiretan, kalegarbitzaile batek izoztua aurkitu du.   Estatuarena inoiz baino hobe egiten. Eskuetan liburu bat du, Atxaga, Lertxundi edo Sarrionaindiarena. Azken aurreko orrialdean. Bankuaren ondoan, plastikozko poltsatxo bat, Verdes liburudendakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *