Blog

LAGUN ON BATEN KRITIKA

Kritika ratistikoak subjetibotasunaren eremuan kokatzen dira. Hori kontutan izan behar dugu beti, kontrakoak direnean, geure autoestimak ondoa jo ez dezan, baina aldekoak direnean ere, garena baino gehiago garela pentsatzera ez iristeko.

Behean txertatu dudan hau aldekoa da. beharrezko hausnarketa egin dut, noski, subjetibotasunaren harira. Dena den, ze gozoa den holakorik irakurtzea. Milesker, Imanol Alvarez.

 

ikusi beharreko oparia
GHERO. AZKEN EUSKALDUNA
Arriaga Antzokia
Azaroaren 21, asteazkena.

“Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta“. Horrela definitzen dute lana euren web-orrialdean Tartean-teatrokoek. Behin ikusita, nahiko definizio egokia dela deritzot.
Patxo Telleriak berriro erakutsi du produktu ederrak edo/eta umoretsuak sortzeko duen maisutza, bai oholtzen gainean (Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru haizetara…)
bai pantaila handian zein txikian (Igelak, La máquina de pintar nubes…). Irudimen handiko gizona da, zalantza barik. Ghero honetan 3000. urtera garamatza. Bertan hizkuntza bakarra mintzatzen da: globala. Baina badago azken moikanoa, familiak mendetan zehar izkutuan gorde duen euskararen azken hiztuna alegia. Ospitalean dago hilzorian, eta amnesia linguistikoak jota, antza ahaztu du hizkuntza globala. Hori dela-eta, medikuak “translator” txiki bat erabili behar du harekin harremantzeko. Medikuak jakin-mina dauka, eta eriak kontatzen dio milaka urtetan iraun duen euskararen historia bederatzi ipuin edo, berak dinoen bezala, parabolen bitartez.
Kontakizun horien bitartez irudikatzen da antzinatetik ordura arte nola biziraun duen euskarak, txandaka munduan nagusi izan diren hizkuntza guztien gainetik: latina, frantsesa, ingelesa, txinera…

Ezin ukatu planteamendua bederen badela originala. Telleriaren estiloa ezagutzen duzuenok badakizue berezko joera duela umorerako, eta gustuko duela, era berean, hitzekin eta hitzon polisemiarekin jolasteko. Beraz, dibertimendua ere bermatuta dago. Are gehiago, kontuan hartuta oraingoan ez duela jolasten hizkuntza bakarrarekin, hainbatekin baizik, antezlanean euskaraz gain beste mintzaira nahikotxo entzuten baitira: gaztelania, galegoa, katalana, ingelesa, frantsesa, txinera… eta globala (esperantoa erabiltzen dute horretarako). Kontakizun horietako batzuek barre-algarak sorrarazi bezala, hunkitu ere egin ninduten. Hortaz, emozionantearena ere egia.
Arriagaratu ginenok ez genekien zer ikustera gindoazen. Patxo Telleria eta Mikel Martinez tartean egonda, susmoren batzuk izan genitzake, bai; baina Euskaltzaindiaren enkargua izateak eta Ghero izenburuak despistatu egiten gintuzten zeharo. Ohiala igo eta dekoratu minimalista eta aldi berean ikusgarria eta jantzi futuristak ikustean nahiko zurturik gelditu ginen. Ausardia estetikoa, eta haren ondoriozko harrigarritasuna ere egiakzoak.

Jokin Oregiren zuzendaritzapean, bost aktoreak bikain aritzen dira dagozkien roletan. Mikel Martinez da azken euskalduna haragiztatzearen arduraduna. Esan genezake bere eremura daramala pertsonaia, hots, bere estiloan egiten duela, betiko moduan eraginkortasunez. Ane Pikaza ere txukun medikuaren paperean. Pertsonaia, gidoiak eskatuta, berez hotza bada ere, goxotasuna ez zaio falta, eta batzuetan gaixo euskaldunak kontatzen dizkion istorioek ateratzen dute hoztasunetik. Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Patxo Telleria berak osatzen dute aktore-taldea, rol txiki anitz antzezten dituztelarik.

Goizez joan nintzen antzokira, eta institutuetako ikaslez inguratuta egon nintzen, ohi bezala. Orain ez asko Calixto Bieitok zuzenduriko Obabakoak antzezlanari buruz idatzi nuen orri honetan bertan, eta ondoko hau esan nuen: “Gazteak, ondoegi portatu badira ere, hasi dira komunera joaten… batzuetan bueltatu barik; baten bat jaten, askotxo mugikorrekin, eta gutxi agertokira begira eta entzuten saiatzen (…) Argi dago, horrelako ekoizpenekin gazteak -eta zaharrak- botazten ditugu/gaituzte antzokietatik. Gazte horietatik bakar bat ere ez da joango berriro antzoki batera bere borondatez, seguruenez”. Bada, gaur guztiz kontrakoa esango dut: ikasleak isil-isilik egon ziren hasieratik bukatu arte, mugitu barik eta adi-adi eszenatokira begira. Hainbatetan barreak egin zituzten, eta baten batean txaloak ere espontaneoki. Ziur aski, antzokian zeuden mila inguru neska-mutil gazteetako batzuk antzerkiarekin zaletuko dira Gherori esker.

Ikasleek ez ezik, euskaldun guztiek ikusi beharko lukete Ghero antezlana, gure historiaz zertxobait jakiteko beharbada, baina batez ere euskara gordetzearen eta gehienbat erabiltzearen garrantziaz jabe daitezen. Egia esan, desiragarria izango litzateke erdaldunek ere ikustea, baina zaila dugu, operan bezala gaintituluak erabiltzen ez badira behintzat. Izan ere, lan hau itzulezina da-eta.

Imanol Alvarezek idatzia.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *