Blog

GHERO estrenaturik

Estreinatua dago jada.

Hurrengo proiektuei ekiteko ordua heldu da jada.  Ghero-rekin aktore lana egiten jarraituko dut, baina gainontzekoan bukatua dago. Kezkak eta buruhausteak beste nonbaitetik etorri eta beste nonbaitera zuzenduak izango dira. Ez dago gelditzerik…  Beno, badago, bai, ze arraio. Kontua da mementuz ez dudala nahi. Oraindik ez dut galdu gauza berriak egiteko kemena.

Emango dizuet proiektu horien berri laister.

Gheroren estrenaldiak sortu didan sentsazioaz hitz egiteko tenorean nago jada. Hiru egun pasa dira eta gauzak bere neurrian hartzeko modua dago jada.

Uste batzu konfirmatu dira, eta sorpresa batzu ere egon dira. Lan ona egin dugulakoan nago. Duina. Eta hori publikoak haintzat hartu du. Batzuek (eta honekin kontatzen genuen) faltan bota dute aurreko lanek duten komeria maila. Guk bagenekien espektatiba hori sor zitekeela eta horrexegatik hautatu genuen kartelarako irudi enigmatiko hori. Kartela ikusten duenak ezin du pentsatu komedia bat ikustera doala. Irudiek ere hitz egiten dute.

Sorpresa itzela izan da, dena den, jende gaztearen erantzuna. Arriagan, goiz bietan ikasleentzako emanaldiak egin ditugu, 14-17 urteko 800 neskamutilentzat. Kezkaturik geunden emanaldi horiekin.   Aurreko lanekin ere izan ditugu horrelako emanaldiak, eta erantzun oso ona egon zen, baina haiek komediak ziren, oso eramangarriak.  Lan hau exigenteagoa da. Ba hara, erantzun ezin hobea izan da bi egunetan. Helduek baino are hobe jarraitzen dute hari osoa, hasi eta bukatu arte. Sekulako naturaltasunez jasotzen dute hizkuntza desberdinen erabilera, egundoko barreak une komikoetan, eta itzelezko ixiltasuna (800 nerabe ixilaraztea ez da erreza!) une emozionaletan.

Gheroren testua ez dut oraindik eskegiko web honetan. Gira bukatzen denean egingo dut. Antzezlana ezagutzeko irrikitan bazaudete, hobe duzue ikusi. Laister zure etxetik gertu egongo gara.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *